XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jatetxetik urrundu ahala, gero eta jende gutxiagorekin egin dugu topo.

Kilometroak eta kilometroak eman ditugu harrizko bidean barrena inor ikusi gabe.

Eskutik helduta ibili gara txikitako lagunen gisan txintxo-txintxo, eta lainopeko elurrak uzten zigun argi itzala itzaltzen hasi denean, leku apropos baten beharra nagusitu zaigu.

Harresiak tarteka baditu talai gisa eraikitako almena suerte batzu, eta halako batean antolatu dugu bart gure kabia latza.

Aterpean, elurretatik babestutako zoko bakarrak halakoxeak dira, eta bertan jaso dugu, nola edo hala, Sarkisek ekarritako kanpaina-denda.

Su egiteko modurik ez dugu izan, baina gasa piztu eta afariak eman digu bero pixka bat.

Luma-zaku banatan hobiratuta egin dugu lo.

Gau osoa, behin sikiera esnatu gabe, segidan iragan dugu amets luze batean, baina goizean goiz, espantuz beterik, burdin-hots zakar bat ailegatu zaigu lainoak ezkutatzen zituen erresuma urrun haietatik.

Elurrez inguratutako gotorretik txilitaka, Sarkisek ez du nik baino beldur txikiagorik pasa.

Ileak, eskerrak, jelatuta geneuzkan, bestela, tente jarriko zitzaizkigun ikaraz.

Ezkila erraldoi baten soinu konpasatua zirudien eta gugana zetorren.

Elurrak, hala ere, lagundu egiten zion eta urratsak entzun ezinik, gugandik gertu ala urruti, nondik zetorkigun ere ezin genion igarri.

Orduan ari ziren egunargi apalak pixkana-pixkana urratzen.

Itzal bat atzeman dugu lainoen artean ozta-ozta.

Agure zahar bat ematen zuen pertz astun bat zintzilik zuela.

Harresitzarra garbitzen ari zen ia kertenik gabeko erratz baten laguntzaz.